XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tigre ehizan

XABIER CARRILLO

Bi mundu elkartzen ditu Tigre ehizan Aingeru Epaltza idazle iruindarrak.

Bere azken eleberri honetan 36ko gerrak desegin familia baten egun bateko gora beherak kontatzen ditu, bere familiaren antzera erbestean, barnekoan eta kanpokoan, banatuta dagoen familiarena, edota zehazkiago esanda, aita-seme batzuen istoria.

Aita, Martin, Venezuelako oihanean dabil lanean, eta giza haragiarekin zaletu den tigre baten ehizean abiatu da.

Semea, Martintxo, Lapurdiko Larresoron bizi da, eta bestelako tigre bat agertuko zaio, aitari bezala, egun berean.

- Erbestea izan duzu gai azken liburuan, barne (Lapurdi) eta kanpo erbesteratzea (Venezuela) agertzen dira.

Kokaleku horiek zergatik?

- Nire asmoa familia istoria batetik abiatzea zen, eta familia Lapurdin izan nuen erbesteratua, eta osaba bat, hain zuzen ere, Venezuelan aldi berean.

Barne erbestea zer den jorratzeko balio izan dit.

Bat herrian dago, baina ez dago herrian, eta bertzea kanpoan dago, baina ez da hain erabat kanpoan sentitzen.

Urteek erbeste egoera biguntzera etortzen ahal dira, baina kasu batzuetan ere handitzera.

Urruntasuna eta hurbilketarekin nolabaiteko jolasa planteatu dut.

- Hori Martintxoren kasuan ikusten da, ezta?

Herrian sentitzen da, baina ez aldiz etxekoak.

- Erbesteratu guztien obsesioa bueltatzea izaten da.

Nongotartasuna oso finkatua dute.

Nik erbesteratuen seme-alabekin zera ikusi dut, ez dakitela zehazki nongoak diren eta zeri atxiki behar zaizkion.

Azkenean mingarria izan daiteke eta momentu batean, gainera, hautatu egin behar da.

- Atarikoa Robles Arangitz anaiek idatzia da.

Hauen kasua halakoa izan zen, ezta?

- Bai, hauek ere hara joan ziren, batzuk han sortu ziren ere, eta momentu batean erabaki behar izan zuten nongoak ziren.

- Nobelako haurraren kasua da?

-Bai.

Hala ere, leku aunitzetakoa izan zaitezke, baina ez zazpi urterekin.

Zazpi urtetan aita eta ama zehatz batzuk behar dituzun bezala, ezin zaitezke toki aunitzetakoa izan.

Erabaki hori 20, 30 urtetan hartu dezakezu.

Heldutasunak aniztasunerako aukera ematen du.

Gaztea zarenean aniztasuna ez da existitzen, ildo zehatz bati jarraitu behar izaten diozu.

- Lapurdi eta erbestea aipatu ditugu.

Euskal Herriaren kontzeptua sobera barneratu gabe dugu?

Mende honen erdian, gainera, oraindik gutxiago?

- Jakina.

Hauek Euskal Herrian daude, baina atzerrian sentitzen dira.

Oso kuriosoa izaten da, baina muga pasatzea, gaur egun ere, beste mundu batean sartzea da.

Modu ideal batean Euskal Herria hor dago, baina finean gertatzen da atzerritar sentitzen garela.

Haiei berdin gertatzen zaie.

- Venezuela da beste kokalekua.

Aitak urte batzuez Euskal Herria ahantzi duela irudi du.

- Bere inguruan murgildu da nolabait ere.

Protagonista puntu batera iritsi da.

Hainbat urtez han egon da, gerla dago, badaki ezin duela itzuli..., baina gerlaren aitzakia hori bukatzen ari zaio.

Orduan erabaki behar izaten du.

Frantzian alemanik, hemendik eta gutxira, ez dela izanen badaki, eta zer arraio eginen duen galdetzen dio bere buruari.

Azken batean, bizimodu ibiltari bat erosoa ere izan daiteke hortara jarri edo ohitzen bazara.

Erabakia ez du erraza.

- Tigrea sartzen da erabakitze prozezu horren tartean.

Zerbaiten irudikapena da?

- Bai, irudikapena da.

Ja, ja...

Orain ohartzen ari naiz oso ipuin kontserbadorea dela; familia baloreak eta agertzen baitira.

Tigrea eta ametsa eragileak dira.

Ametsean semea arriskuan ikusten du eta semeak aita berdin.

Arrisku hori uxatzeko, nahiz eta badakiten irudimenezkoa dela, tigre erreal baten bila ateratzen dira.

Tigrea gogoeta egiteko aitzakia da; azken batean, merezi duen ala ez itzultzeak.

- Semeak, beraz, badu ere bere tigrea?

- Bere errotu nahiari etortzen zaion erronka da; aitarena momentu horretan aitzakia bat da beharbada.

- Tigre ehizan irten, baina hil ez.

- Ez da beharbada beti tigrea hil behar.

Ipuinak konotazio epikoak ditu, misio bat dago.

Aldiz bukaera ez da epikoa.

Hain zuzen ere, irakurle batzuek asaldaturik gelditu dira, espero baizuten ipuin oro har epiko honek amaiera epikoa izanen zuela.

Ez da epikoa, berariaz.

Sarrionaindiak olerki batean esaten duen bezala, Kavafisi hartua edo, inportanteena ez da portua, bidaiatzea baizik, itsaroratzea.

- Venezuelako pasarteek Hego Amerikako nobela indianistaren antza apur bat edo badute.

- Oihartzunik badute..., indioak agertzen dira, LLanoak...

Giroari egiatasun bat eman behar nion, llanoari.

Zenbait irakurketen ondorioa dira.

- Mintza gaitezen Iparraldera erbesteratu zirenez.

Momentu batean hor zirenek amerikanoak iristean muga pasa eta Franco boteretik egotziko zutela uste zuten ezta?

Liburuan ageri da.

- Munduan zehar zeuden euskaldun gehienek, eta baita ere errepublikar espainolek hala uste zuten.

Bigarren Mundu Gerlan nolabait inplikatu ziren, bai konbikzioz, alemanen kontra zeudelakoz, eta baita ere itxaropena zutelakoz aliatuek irabazten zutelarik Franco ere botako zutela.

Hitlerren erorketak, Francorena, berez ekarriko zuela uste zuten.

- Ironia punttu bat sartu duzu hor.

- Ironia punttu bat badago.

Garaia isladatu beharra dago, momentuan jendeari zer zebilkion buruan, eta ironia, denok dakigulako gero zer gertatu zen, eta zer etsipenaldi handia etorri zitzaien.

- Erresistentziarekin zer nolako harremanak izan zituzten errefuxiatuek?

- Frantses gehienak bezala esperoan ziren amerikanoak noiz iritsiko zerbait egiteko.

Dena den,aunitz erresistentzian ziren.

Tigre bi, bata oihanekoa, burdinezkoa bestea, bi protagonisten egun bateko kontaketan gurutzatzen dira.

Biek, Aingeru Epaltzaren azken eleberrian, hautu zinez zaila egin beharko dute; hain zuzen ere nongotartasunari lotua.

Erbesteratuen seme-alabek, mingarria egiten bazaie ere, momentu batean nongoak diren hautatu behar izaten dute.

Zazpi urterekin ezin da leku aunitzetakoa izan; heltzerakoan, aitzitik, bai.

Bakoitzak bere tigreak ditu.

Urruntasuna eta hurbilketarekin nolabaiteko jolasa planteatu dut.

M. GALINDO / M. MARTINEZ